Jon Rica
Troka Abenturako jarduera-begiralea

Jon Rica, monitor de Troka Abentura, junto a su amatxu.

Gaurkoan, Jon Ricari egin diogu elkarrizketa. Goi-denboraldian, Gorlizko gure jarduera-egoitzako begiraleetako bat da, hala udaleku eta ikasketa-bidaietan nola gure jarduerak kontratatzen dituzten talde eta familiei laguntzen.

Egun on, Jon. Ezer baino lehen, zenbat urte duzu? Eta zenbat urte daramazu turismo aktibo eta abenturazkoan begirale-lanetan?
Egun on! 22 urte ditut, eta denboraldi honekin dagoeneko lau urte daramat sektore honetan lanean.

Zergatik eta noiz erabaki zenuen lan honetan aritzea?

Goi-mailako kiroletako gradua ikasten hasi nintzen, aire zabaleko kiroletan berezitua. Ikasturteak aurrera egin ahala, gero eta interesgarriagoa iruditzen zitzaidan, eta gero eta argiago nuen kirolarekin loturiko zerbaiten jardun nahi nuela. Gradua amaitutakoan, praktikak egin behar izan nituen; zati bat Troka Abenturan egin nuen, eta orduan konturatu nintzen honetan behar egitea gustuko dudala. Gainera, zorte handia izan nuen, praktikak amaituta Trokakoek eurekin lan egiten hastea nahi izan baitzuten. Harrezkero, hemen nago.

Zer da zure lanbidean gogokoen duzuna?

Aire zabalean jarduerak egitera datorren orori gozatzen eta tarte atsegina igarotzen lagundu ahal izatea, eta ingurune naturalean abentura-kirolen bidez nire zaletasunak haiekin partekatzea. Neuk ere gozatuz, gainera.

Egiten dituzun jarduerak askotarikoak dira: lurrekoak, batetik, eskalada eta arku-tiroa, esaterako; uretakoak, bestetik, bodyboard, BigSUP eta coasteering, kasu. Zein prestakuntza behar da horren jarduera ezberdinetan trebatzeko?

Gorputz eta Kirol Ekintzen Animazioko Goi Mailako Gradua ikasita, nik eginiko aire zabaleko jarduerei buruzkoa, zehazki. Ikastaroaren barruan, Troka Abenturan egiten ditugun ia jarduera guztietan trebatu ginen. Dena den, prestakuntza horretaz gain, bestelako ikastaroak eta prestakuntza-saio zehatzak egiten ditugu: mendia, eskalada, bigSUP, piragua…

Nolakoa da goi-denboraldiko jardueretan aritzen den pertsona baten eguna?

Mugitua bezain entretenigarria, egia esan. Jarduera hasi baino ordu erdi lehenago iristen gara beti, beharrezko materiala prestatzeko eta egin beharrekoa antolatzeko. Hainbat faktore dela eta, meteorologia, adibidez, aldaketarik izan daiteke. Dena prest dugunean, bezero guztiak hartu, jarduerari dagozkion aurretiko azalpenak eman, eta hasi egiten gara. Jarduera egiteko, ordutegia hartzen dugu kontuan, baita balizko txandak ere. Jarduera amaitutakoan, jaso, garbitu eta materiala bere lekuan utzi behar da, hurrengo egunean dena eskura eta erabiltzeko prest izan dadin. Amaitutakoan, jarduera bakoitzaren ebaluazioa ere egiten dugu, dena jasota gera dadin eta hobera egin dezagun. Horrela, jarduera bukatutzat ematen dugu.

Troka Abenturak ekainean, uztailean eta abuztuan antolatzen ditu udalekuak. Izan zara begiralea haietan?
Bai, azken bi udetan udalekuetako begirale aritu naiz.

Zure eskarmentuan oinarrituta eta seme-alabak multiabentura-udalekuetan apuntatzea pentsatzen ari diren gurasoak gogoan, zein onura dakarkiete, zure ustez, halako udalekuek haurrei?

Nik uste dut onura bat baino gehiago dakartela, baina, nagusiki, lagunak egiten direla. Gainera, haiekin batera jarduera fisikoak egiten dituzte ingurune naturalean, eta horrela elkarri eragiten diote, hainbat jarduera elkarrekin egitekoak baitira, talde-lana eginda, alegia. Horrez gain, egiten ditugun jarduerak askotarikoak dira, ez dugu jarduerarik errepikatzen aste osoan, eta beti izango da begirale bat, gutxienez, taldea artatzen eta taldekideek primeran pasa dezaten saiatzen. Beraz, zure seme-alabek udan goiz dibertigarriak igaro ditzaten nahi baduzu, apunta itzazu gure udalekuetan!

Gurasoen kezka logikoa seme-alaben segurtasuna da. Kontatuko zeniguke zein protokolo-mota duen Troka Abenturak bere jardueretan izan daitezkeen arriskuak minimizatzeko?

Ezer baino lehen, gehieneko haur-kopurua dugu begiraleko, haur guztiak behar bezala artatzeko eta zaintzeko; gainera, jarduera lurrekoa edo uretakoa den, ezberdina da: uretako jardueretan, gehieneko kopurua lurrekoetan bano txikiagoa da. Jarduera guztietan dago balizko istripuak ekiditeko hainbat segurtasun-arau, zeina jarduera egiten hasi baino lehen azaltzen eta garbi uzten diren; behar beste aldiz errepikatzen ditugu, argi geratu eta denek errespetatu arte. Gure ustez, segurtasuna da garrantzitsuena, eta jolasa gero dator, lehenengorik gabe bigarrena arriskutsua izan baitaiteke.

Zein lan-giro duzue abenturakideon artean?

Kideon arteko giroa oso ona da, bulegoan erreserbak kudeatzen dituztenekin eta sukalde- zein garbiketa-taldekoekin dagoena barne. Begiraleok beti ibiltzen gara barrez eta elkarri laguntzen, jakina. Gauzarik inportanteenetakoa da, horrela dena errazagoa eta eramangarriagoa baita. Beraz, lan-giro oso ona dugula uste dut.

Behe-denboraldian, inguru hauetan nahikoa lan-kargarik ez dagoenean, zer egiten duzu?

Inguru hauek behin-behinean utzi eta Pirinioetara jotzen dut, elurretan lan egitera. Neguan, elurretako motoen gidari egin dut lan azken bi urteotan. Iaz, Huescako Tena Haranean izan nintzen, eta joan den neguan, berriz, Baqueiran. Elurra eta hondartza gustuko ditudanez, biak uztartzeko modu egokia topatu dut, eta, gainera, ogibidea.

Bukatzeko, urte hauetan bizi izandako pasadizoren bat kontatzerik?

Orientazioa galdutako hainbat surflarirekin has ninteke, olatuak itsasertzetik itsas barrurantz hartzen saiatzen direnak edo ohola gilak gora dituela erabiltzen dutenak… Snorkel-tutuaz ur azpian arnasa hartzen saiatu eta ezin zuelako kexatu denik ere izan dugu…

Eskerrik asko, Jon. Gozamena izan da zurekin hitz egitea. “Troka, talde biribila”

Azken berriak

20Eka

Elkarkizketa: Jon Rica

[vc_row container_type="content-full" padding="padding-no" padding_top="0" padding_bottom="0" fixed_height="0" bgtype="bg-default" bgcolor="...
19Uzt

Troka Abenturaren aurpegi berria

[vc_row container_type="content-full" padding="padding-no" padding_top="0" padding_bottom="0" fixed_height="0" bgtype="bg-default" bgcolor="...